Zenbait hitz

Arberoa ikastolari buruz

“Arberoa ikastola” proiektua 2005ko urritik hasi genuen gogoetatzen Izturitze, Donamartiri eta Donoztiri herrietako hamar bat bikote gaztek (buraso ginenak eta izanen ginenak).

Lotzen gintuena, eta gaituena, euskararekiko dugun atxikimendua eta hunen presentzia normalizatzeko dugun griña. Baitezpadakoa da guretzat gure haurrek ere altxor hori jaso eta parteka dezaten, baliatzeko aukerak ukan ditzaten normaltasun osoz, haiek ere egun batez transmititzeko gisan.

Gaur egun, nahiz eta gure herrietan, euskara present den, eskola da hizkuntza transmititzeko tresna garrantzitsuena. Guretzat, ikastolek bultzatzen duten eredua zen, eta da, eraginkorrena euskara transmititzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamar familia horien artean, egoera horren ezaugarriak partekatzen genituen eta gogoetatzen hasi ginen ikastola proiektu baten sortzeko, Izturitze, Oragarre, Donamartiri, Donoztiri, Iholdi, Armendaritze eta Mehaine herrietako haurrendako bereziki.

PROIEKTUAREN ZERGAITIAK

  • Hurbiltasuna : egiazki hautatzeko parada emaiteko burasoei

Garaian, haien haurrak ikastolan eman nahi zituzten burasoek hiru aukera zituzten : Hazparnen, Ezkia Ikastola, Ortzaizeko ikastola eta Donapaleukoa. Kasu guzietan, edozein herrietako buraso batentzat, ikastola hurbilena 12 km baino urrunago kokatzen zen.

Horregatik, betetako lehen urratsa, Donamartirin edo Donoztirin kokatzen zen egoitza baten bilatzea izan zen; horiek baitziren erdiko herriak.

Gure arrangura, gaur egun gure eremuan proposatua den euskararen irakaskuntzari begira dagoen hutsune baten betetzea izan da; eta Seaskaren eskaintzearen hobetzea helburutzat hartu genuen, distantzia ez zedin gehiago oztopo bat izan burrasoentzat.

  • Euskararen erabilpena bultzatu

Euskararen ezagutza eta erabilpena ez datoz baitezpada bat; hizkuntza guttitu guzien kasuan agertzen den problematika da.

Eskolaz gain, harremanen sortzea eta erabilpenaren inguruko ohiduren sustatzea garrantzitsua da (familietan, lagun eta auzo artean). Eskualdeko ikastola baten idekitzeak, haurrak haien eguneroko ingurumenean egoitea ahalbidetuko du eta egunero gurutzatzen dituzten pertsonekin hizkuntzaren erabilpena garatzea errextuko du. Ber zentzuan, haur horiek gurutzatzen dituzten pertsonek (beste haur edo helduek) ere, hizkuntzaren erabilpena haien ohiduretan sar dezakete.Ikastola bati esker beraz, hizkuntzaren erabilpena bultzatua izanen da, euskarak oraindik leku handia duen honelako eskualde batean.

  • Dinamika berriak sortu

Eskola baten presentziak animazio eta iharduera frango sortzen ditu (herriko bizian, eguberriko ikusgarri edo beste,…); ikastolen kasuan bereziki ikus daiteke hori (kantaldi, Olentzero…).

“Euskaraz bizi nahi dut” lelotik, “euskaraz bizi gira” lelorat pasatzeko asmoz hots!

2008ko buruilaren 3an : sartzea !

Eta beraz, 2008ko sartzean, Arberoa Ikastolak bere ateak ofizialki irekitzen zituen ! 7 haurrekin, Donamartiriko Bil Etxea herriko gelan lehen hilabetetan eta laster herriaren sartzean.

Geroztik, eta gaur egun 2018ko sartzean, Arberoa Ikastolak 70 haur eta 5 irakasle eta 6 laguntzaile biltzen ditu.

gelan_jaten

IMG_0806

Haurrak kantuz!